Argi berdea EKIHERRI Komunitate Energetikoaren lehen instalazioarentzat, Egiluze ikastetxearekin lankidetzan

2023ko martxoaren 27an Ekiherri Energia Komunitatearen aurkezpena egin genuen Niessen Kulturguneko auditorioan. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba honen helburu nagusia, gaur egungo eredu energetikoa eraldatzeko eragile aktiboa izatea da.

Aurkezpena egin genuen egunetik lanean aritu gara lehenengo proiektua martxan jartzeko asmoarekin. Horretarako ezinbestekoa zen estalki bat lortzea eta dagoeneko lortu dugu Egiluze ikastetxeari esker. Estalkiek baldintza jakin batzuk behar dituzte, hala nola: orientazio egokia izatea, hegoaldera, 600 metro karratu ingurukoak, lauak eta teilarik gabekoak. Gainera, ez dute hirigunetik oso urrun egon behar. Baldintza guzti hauek betetzen ditu Egiluze ikastetxearen estalkiak eta horregatik pasa den apirilaren 22an Ekiherriko Lehendakariak, Joxe Mitxelenak, hitzarmena sinatu zuen Egiluzeko ordezkariarekin.

Udaran zehar lehenengo instalazioa muntatuko da eta proposatzen den instalazioa, 125,24 kWp-ko potentziako da, 248 plaka-unitatez osatutakoa. Aurre azterketa bat egin du Goienerrek, gaur egungo bazkideen elektrizitate horniduren kontsumoarekin eta lagin hori kontuan hartuta gutxi gora behera 170 bazkide inguruk partekatu ahal izango dugu autokontsumoa.

Gaur egun, helburu berak batzen gaituen sentsibilitate ezberdineko 80 bazkide ditugu Ekiherrin eta lehenengo proiektuarekin noiz abiatuko ginen izan da herritar askoren kezka. Eta iritsi da unea! Laster gauzatuko da gure lehen proiektua!!

Hemendik luzatzen diegu herritarrei gonbidapena. Herritar orok ditu ateak zabalik Ekiherrirekin bat egiteko, orain baita momentua lehenengo proiektu honetan parte hartzeko.

Komunitatetik azpimarratu nahi dugu ere, energia, guztiontzat eskuragarri izateko eskubidea dela eta ekonomia sozial eraldatzaileak lan positibo bat egin dezakeela bazterketa soziala eta pobrezia energetikoa, bereziki emakume-aurpegia dutenak, gainditzen laguntzeko.

Egiluze Ikastetxetik elkarlan honek gure ikastetxeak herritarrekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoaindartzen duela ospatzen dugu, Ekiherri Energia Komunitateak dituen helburu ekosozialekin bat eginez. Hau, energia eraginkortasuna hobetzeko hasiberri dugun fatxada eraldaketa proiektuarekin batera, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren erakusgarri da, giza balioetan, ingurugiroan eta gure udalerriak eskaintzen dizkigun indarguneetan oinarrituta dagoena.

Egin dugun agerraldian hilabete guzti hauetan galdetu duzuen herritar guztioi informatzeko helburuarekin egin dugu. Instalazio honetan parte hartu nahi duen herritarrak Ekiherrirekin harremanetan jarri behar du uztailean zehar +34 600579249 telefonora deituta edo info@ekiherri.eus helbidera idatzita eta bertan zuen telefono zenbakia jartzen baduzue deituko dizuegu. Gure web orrian ere izena eman dezakezue https://.ekiherri.eus

Albistea beste medioetan:

+ Herri Bizia: Ekiherrik uda honetan muntatuko du lehenengo instalazioa, Egiluze Ikastetxearekin lankidetzan

+ Orereta/Errenteriako Hitza: Ekiherrik udaran muntatuko du lehen instalazioa